2013-01-10

SORBALDAREN MIAKETA FISIKOA

BAGA BIGA BLOG! GAIAK. SORBALDAKO TENDINOPATIA.

Sorbaldaren miaketa oso garrantzitsua da fisioterapeutontzat. Hau 4 zatitan banatuko nuke:
  1. Ikusizko ikuskapena
  2. Sorbaldaren haztapena (palpazioa)
  3. Sorbaldaren froga aktibo eta pasiboak
Hau horrela izanik, goazen bakoitza aztertzera banan banan

 


IKUSIZKO IKUSKAPENA (Shirley A. Sahrmann)
Ikusizko behaketa deritzot, pazientea plano ezberdinetan bere sorbalda eta eskapularen (aurreko atalan azaldu bezela eskapularen garrantzia) posizioa aztertu edo kontuan izatea. Hau horrela izanik, jakin behar dugu sorbaldaren posizio egokia zein den, horrela jakingo dugu zer ez den egokia. Sorbaldaren posizioak eskapulak zehazten du.
    Eskapularen posizio egokia
  • Eskapularen barne ertza bizkarrezurrarekiko paraleloa izan behar du eta torax-aren erdi marratik 7,6 zm-ra kokatua. Eskapula toraxean bigarren eta zazpigarren orno torazikoen artean egon behar du. Torax-ari itsatsia egon behar du eta plano frontalean 30ºko aurreranzko biraketarekin.
    Eskapularen posizio aldatua
  • Beheranzko biraketa. Eskapularen beheko angelua barneratua dago eskapularen goi angeluarekiko. Honen errudun dira eskapularen muskulu jasotzailea, muskulu erronboideak eta muskulu trapezioaren beheranzko zuntzak.

  • Eroria. Eskapularen goiko ertza, bigarren eta zapigarren orno torazikotik behera aurkitzen da. Honen errudun dira muskulu pektoral handia eta muskulu dortsal luzea.

  • Igoa. Hemen bi mota daude, bat izan daiteke eskapularen goiko angelua igoa izatea baina akromiona ez eta honen erruduna eskapularen muskulu jasotzailea izango da. Berriz, eskapula guztia igoa badago, akromiona barne, honen erruduna muskulu trapezioaren beheranzko zuntzak laburrak izango dira, eta horrela klabikularen alboko zatia igoa era ikusiko dugu. Eskapularen muskulu jasotzailea, muskulu erronboideak eta muskulu trapezioaren beheranzko zuntzak laburrak badira, eskapula zazpigarren orno zerbikaletik hurbil ikusiko dugu.

  • Adukzioan. Eskapularen barne ertza toraxaren erdi marrarekiko 7,6 zm baino gutxiagora dago. Erronboide muskuluak eta trapezio muskuluak lanburrak izan daitezke eta aurreko muskulu zerraduna luzea.

  • Abdukzioan. Eskapularen barne ertza toraxaren erdi marrarekiko 7,6 zm baino gehiagora dago. Honen errudun ohikoenak aurreko muskulu zerraduna eta muskulu pektoral handia dira, laburtuak daudelako.

  • Inklinatua edo puntan. Eskapularen beheko angelua kaxa torazikotik ateratzen da. Egoera hau normalean muskulu pektoral txikiaren erruz izan ohi da. Beste batzutan bizeps brakialaren uzkurketagatik izaten da, honen buru laburra eskapularen korakoide apofisian du jatorria eta.

  • Jeitsia eta inklinatua. Eskupula aurreko kasuan bezela jeitsia dago eta baia aurrantz okertua.

  • Abdukzioan eta inklinatua. Posizio hau, aurretik azaldutako bi posizioen konbinaketa da.

  • Hegoduna (Alada).Eskapularen barneko angelua kaxa toraxikotik atzeranzko zentzurantz ateratzen da. Lerrokatze hau aurreko muskulu zerradunaren ahultasun baten erruz izan ohi da. Kontuz izan behar da, agian erra gaitezke eta gaizki diagnostikatu pazienteak kaxa toraxiko lautua, bizkarralde borobildua edo eskoliosia baldin badu. Baita ere, aurki dezakegu pazienteren bat muskulu subeskapularra (eskapulazpiko muskulua) hipertroafiatua badu, eskapulako barne ertza atzeranzko zentsuan ikus dezakegu.


Liburu interesgarria: SAHRMANN,S.: Diagnostico y tratamiento de las alteraciones del movimiento, 1º Ed., Editorial Paidotribo, Bartzelona, 2006.

SORBALDAKO MUSKULUEN HAZTAPENA (PALPAZIOA)
Fisioterapiaren ikuspegitik, garrantzi handia ematen diogu haztapenari, diagnostiko metodo bezaela. Honek baita, ziurtazuna eman diezaguke zein muskulu edo zein tendoi izan daitezkeen minaren errudun.
  • Muskulu Supraespinosoaren lotunea
Goiko adarra barne biraketa eta hedapenean jarri behar da (eskuaren alde dortsala eta besaurrearen alde dortsala bizkarraren kontra daudelarik). Tuberkulu nagusiaren aurreko aurpegia haztatu daiteke, sorbaldaren aurrekaldean.

  • Muskulu Infraespinosoaren lotunea
Terapeutak bere erpurua akromioaren beheko eta atzeko ertzan jarri behar du, tuberkulu nagusiaren haztatuz. Muskulua ondo haztatzeko, pazientearen besoa flexioa + abdukzioan + kanpo biraketan jarri behar dugu. Puntu hontan, muskulu biribil txikia ere haztatzen da.

  • Muskulu Subeskapularra
Muskulu hau haztatzeko, lortu behar duguna da eskapula kutxa toraxikotik aldentzea eta horrela libre izango dugu eskapularen aurreko aurpegia, hau lortzeko besoaren abdukzio oso bat egin behar dugu. Hemen egongo da muskulu subeskapularra.

  • Bizepz brakialaren tendoia, buru luzea
Muskulu honen tendoiaren buru luzea, eskapularen tuberkulu supraglenoideoan du jatorria. Honen haztapena egiteko, deltoides muskuluaren atal akromiala zeharkatu behar dugu, eta bizepz brakialaren uzkurketa batzuei esker, haztatu ahal izango dugu.

Lau muskulu hauek dira garrantzitsuenak BIRATZAILEEN MAHUKATXOA haztatzerako orduan.

Liburu interesgarria: TIXA, S.: Atlas de anatomía palpatoria, 1. ed., Elsevier, Bartzelona, 2008.

SORBALDAREN TENDINOPATIARENTZAKO FROGA AKTIBO ETA PASIBOAK
Lehenik eta behin, azalduko ditut, sorbaldako tendinopatiarako dauden froga neuromuskular garrantzitsuenak. Hauen aurkikuntza positiboak, ez du ziurtatzen %100-ean arazoaren jatorria. Fisioterapian, esku terapian gabiltzanok, aurkikuntza baten baieztapenerako erabiltzen dugu.
  • KIBLERREN FROGA
Helburua→Eskapulako muskulua edo erritmo eskapulohumeralaren egonkortze funtzioa.
Pazientearen Posizioa→Zutik.
Aztertzailearen posizioa.→Zutik, pazientearen atzean.
Ekimena→Bi eskapuletako beheko angelua markatzen da eta bi puntu hauek eta erdi gorputz lerroa elkartzen dituen lerroaren arteko elkargunea, azken hau erreferentziatzat harturik 3 posiziotan egiten da:
–Gorputz adarrak enborretik luze
–Eskuak gerrialdean
–Barne errotazioan, hatz lodiak beherantz, egindako bilaterala abdukzioan

Aurkikuntza Positiboa→Gehiegizko mugimendu laterala – kanpo txilina – edota asinkronikoa edo eskapularen ertz medialaren bereizketa torax-aren planotik – eskapula hegalaria. Hauek dira eskapulako egonkortze muskuluen eraginkortasun ezaren adierazgarriak.

NEERREN FROGA
H.→Lesio subakromial baten presentzia.
P.P.→Jesarria.
A.P.→Zutik, pertsonaren atzean.
E.→Besaurrearen hurbileko herenetik hartuta, sorbalda goi-aurreranzko mugimendu bat eragiten da, hau barne errotazioa batekin. Hurbileko eskua eskapulan jartzen da.
A.→Mina edo ezinegonaren agerpena, ikertu beharreko zonaldean, bereziki mugimendu arkuaren amaieran, espazioren estutasunaren existentzia adierazten du.
 


HAWKINS-KENNEDYREN FROGA
H.→Sorbaldako aurre-erdi estutasun baten presentzia.
P.P.→Jesarria, besaburua eta ukondoa 90º-ko tolesturan.
A.P.→Zutik, gaixoaren atzetik. Esku batek ukondoa mantentzen du eta beste eskuak besaurrearen urruneko herena harrapatzen du.
E.→Aztertzaileak sorbaldaren barne errotazioa behartua eragiten du.
A.→Sorbaldaren barne errotazioak, harrapaketa subakromialaren agerpena dakar eta hau minez edo ezinegonaz adierazten da.
 

YOCUMEN FROGA
H.→Sorbaldako aurremedial arazoren bat atzeman.
P.P.→Jesarria, eskua kontrako sorbaldan jarria.
A.P.→Zutik, pertsonaren atzean. Esku bat sorbaldaren gainean eta bestea kontrako sorbaldan.
E.→Ukondoaren jasotzea horizontalaren gainetik. 
A.→Mina edo egonezinaren agerpena zonalde subakromialean. Honen agerpen subakromioko aurremedial arazoak agerian jartzen ditu.
 


JOBEREN FROGA
H.→Muskulu supraespinosoa eta tendoi lotunea baloratu.
P.P.→Zutik, bi sorbaldak 90ºtako abdukzioarekin, barne errotazioan eta besaurreak pronatuak, horrela beti erpuruak behera begira egon behar dira. Gorputzeko goi adarrak omoplatoaren plano berberean egon behar dira, hau da, 30ºko aurrepultsio horizontalean.
A.P.→Zutik, gaixoaren aurrean.
E.→Aztertzaileak besoekin eragindako beheranzko indarrari, pazienteak besoak bere posizioan mantendu behar ditu.
A.→Mina edo kanpo indarra jasateko ezintasuna, arantzagaineko tendoi prozesuaren hantura edo endekapenaren adierazle da.

    BESO JAUSIAREN FROGA
H.→Errotatzaile tendoien zorroaren osotasuna.
P.P.→Zutik.
A.P.→Zutik, gaixoaren atzean.
E.→Sorbalda 90ºko abdukziora eraman eta gaixoari eskatzen zaio besoa posizio neutrora itzultzea.
A.→Adarraren pisua mantentzeko ezintasuna edo maniobra egitea min handiarekin.
 
    GERBERREN FROGA
H.→Eskapulazpiko muskuluaren osotasuna baloratu.
P.P.→Jesarria, sorbalda guztiz luzatua eta barne errotazioarekin eta ukondoa tolestua, non gaixoaren eskugaina kontatuan jartzen den bizkarrarekin.
A.P.→Zutik, gaixoaren atzean. Esku batek eskapula egonkortzen du eta bestea pazientearen esku-azpian jartzen da edo aztertu beharreko goi adarreko besaurrearen urruneko herenean.
E.→Pertsona erresistentziaren kontra, esku gaina aldentzen saiatzen da sorbaldaren 
barne errotazio bati ezker.
 


A.→Esku-gaina bizkarretik aldentzeko ezintasuna edota minaren agerpena humeroko heren hurbilean, aurre-erdi aldean.

PATTEREN FROGA
H.→Muskulu infraespinosoaren tendoiaren patologia.
P.P.→Jesarria, besoa 90ºtako abduzioarekin eta ukondoa 90ºtako tolesturan.
A.P.→Zutik, pertsonaren atzean. Esku bat eskapulan eta bestea besaurrearen heren urrunean.
E.→Pazienteari kanpo errotazioa eskatzen zaio eta aztertzaileak hau erresistitzen du besaurrean jarrita duen eskuari esker.
A.→Minaren sentsazioa akromioaren angelu atzelateralearen azpian.
 

GILCRESTEN FROGA
H.→Bizeps brakialaren atal luzeko tendoiaren hantura.
P.P.→Zutik, bi goi adarrak omoplatoaren planoan, hau da, 30ºko aurrepultsio horizontalean. Besaurreak supinatuak daude.
A.P.→Zutik, pertsonaren atzean.
E.→Bi besoen igoera eskatu eta hau erresistitzen da, esku ahurretatik helduz.
A.→Mina edo erresistentzia gainditzeko ezintasunak, bizepseko atal luzearen hanturaren adierazlea da
.

YERGASONEN FROGA
H.→Bizeps brakialaren atal luzeko tendoiaren hantura.
P.P.→Jesarria, besoa toraxaren ondoan, ukondoa pronatua eta 90ºko tolestura.
A.P.→Zutik, aztertu beharreko aldean. Esku batez ukondoa mantentzen du eta beste eskuarekin pazientearen eskumuturra hartzen du.
E.→Besaurrearen supinazioa eta sorbaldaren kanpo errotazioa erresistitzen dira.
A.→Ildo bizipitalaren sentsibilitatea handitua edo bizepsaren atal luzeko tendoiaren aldizkako luxazioa. Hauek izan daitezke tendinitis bizipital batengatik edo zeharkako lotailuaren lesio batengatik.
 

SPEEDEN FROGA
H.→Bizeps brakialeko atal luzearen lana selektiboki lortu eta honen hantura agerian.
P.P.→Jesarria. Goi adarra toraxetik luze, besaurrea supino jarreran eta ukondoa luzatua.
A.P.→Zutik, pertsonaren alboan, ildo bizipitaletik pasatzen den bizeps brakialeko atal luzea ukituz.
E.→Sorbaldaren aurre tolespenari erresistentzia eraginez, sorbaldako hurbileko heren aurrealdean jarritako esku kontrajarri batez.
A.→Pertsonak irristailu bizipitalean atzemandako mina edo ahultasuna.
 

MUSKULU INFRAESPINOSOAREN FROGA
H.→Muskulu infraespinosoaren arazorik dagoen.
P.P.→Jesarria, ukondoak 90ºko tolesturan.
A.P.→Pazientearen aurrean zutik, aztertzailearen esku haurrak pazientearen eskuen dortsoen gainean.
E.→Pazienteak aztertzailearen kontra sorbaldaren kanpo errotazioa egin behar du.
A.→Minaren agerpena edo alde bateko ahulezia humeroaren kanpo errotazioan.
 
Kontutan hartu behar dugun beste gauza bat da, sorbaldako froga muskularrak bai indarrarenak eta bai funtzioarenak. Froga hauek,  Florence eta Henry Kendallek, azaldu zituzten 1949. urtean. Oraindik egunean erabili ahal ditugu. Aztertu beharko genituzkeen muskuluak dira:
  • Muskulu pektoral nagusia
  • Muskulu pektoral txikia
  • Muskulu infraespinosoa
  • Muskulu Subeskapularra
  • Muskulu biribial handia
  • Muskulu biribil txikia
  • Muskulu Trapezioaren hiru atal ezberdinak:
    • Beheranzko zuntzak
    • Zeharkako zuntzak (garrantzitsua)
    • Goranzko zuntzak (garrantzitsua)
Hauek aztertuta nahiko izango zen. Honekin, jakingo dugu muskuluen arteko disfuntzioa.

Liburu interesgarria: KENDALL: Kendall’s musculos. Pruebas funcionales. Postura y dolor. 5. ed., Marban, Madril, 2006.

Eta ez dugu ahaztu behar, froga neurodinamikoak. Oraingo hontan garrantzia duten frogak dira:


NERBIO MEDIANOAREN FROGA NEURODINAMIKOA 2A (ULNT 2A TEST)
Helburua→Froga honek zerbikaletako behe nerbio sustraiak aztertzen ditu, plexu brakiala eta nerbio medianoa. Froga hau erabiltzen da sintomak nerbio medianoaren ibilbidean badira eta pazienteak ezin baldin badu sorbaldaren abdukziorik egin.
Aztertzailearen posizioa→Zutik, hankak aldendurik, hurbileko hanka aurreratua eta aurrera begira. Hurbileko aldaka sorbaldaren gainealdaren kontra jartzen da presiorik eragin gabe.
Aztertzaileak esku hurbilarekin pazientearen ukondoa eusten du. Esku urrunarekin pazientearen eskua eusten du, hatzamar lodiak pazientearen giltzadura metakarpofalangikoaren atzetik lotzu. Gero, aztertzailearen atzamarrak pazientearen atzamarren esku ahurrean jartzen dira.
Mugimendua→Eskapularen beheraldia
  • Ukondoaren hedapena
  • Besoaren kanpo errotazioa eta supinazioa planu horizontalean
  • Eskumutur eta atzamarren hedapena
  • Giltzadura glenohumeralaren abdukzioa, beharrezkoa izan ez gero.
Sentikortze ekimena→Aztertzaileak eskapulan eragindako beheranzko presioa pixka bat askatu, ezer gehiago mugitu gabe.
  • Sintoma distalak: eskapulako mugimenduak eragin
  • Sintoma proximalak: eskumuturra eta hatzamarrak erabili.
Ohiko Erantzuna→Inurridura esku eta hatzamarretan. Sintoma guztiak gutxitzen dira beheraldi eskapularra askatu ez gero.
Mugimendu anplitudea ukondoaren hedapen osoa izaten da eta 0º-50º arteko abdukzioa.
Sentzabilizazio mugimendua buruko kontrako albo inklinazioa da.

NERBIO ERRADIALAREN FROGA NEURODINAMIKOA 2B (ULNT 2B TEST)
H.→Tentsioa jartzea nerbio erradialean, sintomak nerbio honen ibilbidean direnean eta Z6 nerbio sustraiean. Mina sorbaldaren atzean, ukondoko albo mina, besaurrearen min dortsala, tunel supinatzailearen mina eta DeQuervain sindromea izaten dugunean erabiliko dugu froga hau.
P.P.→Dekubito supino, diagonalki jarria esku ohearen gainean, aztertu beharreko sorbalda esku ohearen gainetik ateraz,burkorik gabe.
A.P.→Kaudal sentzurantz begira, zutik oinak aldendurik, hurbileko hanka aurreraturik eta aztertzailearen hurbileko aldaka pazientaren sorbaldaren kontra, baina ez du presiorik egiten.
Hurruneko eskuak pazientearen ukondoa hartzen du. Beste eskuak, hurbileko eskuak, pazientearen eskuaren alde dortsala hartzen du.
Pazientearen besoak gorputzetik luze daude, ukondoa 90º-tako tolesturan eta eskumuturrak zein hatzamarrak jarrera neutroan.
M.→
  • Eskapularen beheraldia
  • Ukondoaren hedapena
  • Giltzadura glenohumeralaren barne errotazioa / besaurrearen pronazioa
  • Eskumutur eta hatzamarre tolestura
  • Glenohumeralaren abdukzioa
E.E.→
  • Sintoma proximalak: eskumuturraren tolestura askatu
  • Sintoma distalak: eskapularen beheraldiaren presioa pixka bat askatu
O.E.→Tiraldi sintomak izatea ukondoaren albo aldean, hauek besaurreraino heldu daitezke. Batzutan luzaketa eragiten da eskumuturraren atzekaldean. Ukondoaren sintomak gutxitu ohi dira eskapularen beheraldia askatzean eta eskumuturreko sintomak batzutan ere.
Mugimenduaren anplitudea izaten ohi da giltzadura glenohumeralaren abdukzioa 0º eta 50º bitartean.
Sentzibilizazio mugimendua buruko kontrako albo inklinazioa da.

Bideotxo bat, azken tekika hau azaltzeko:http://www.youtube.com/watch?v=v705lIvJ4zo

Liburu interesgarria: SHACKLOCK, M.: Neurodinamica Clinica. Un nuevo sistema de tratamiento musculoesqueletico. Elsevier. Madril. 2007.

Horrela gure miaketa fisikoa sorbaldako tendinopatiari buruz bukatutzat emango genuke.

Loitzun Izaola
Fisioterapeuta

9 comentarios:

  1. Iker Villanueva11/1/13 7:28 a. m.

    Zorionak Loitzun, miaketaren atal guztiak azaldu dozuz, neurodinamia ta guzti. Atal hau bereziki gustatu jat, menperatzen ez dodalako eta baliagarri ikusten dodalako pazienteekin erabiltzen hasteko.
    Nik zera aipatuko nuke: pektoralaren malgutasuna aztertzea bereziki garrantzitsua dela uste dot. Gaur egungo lan gehienetan barne biraketan eta adukzioan sustatutako jarrerak erabiltzen doguzanez, gihar honek laburpenera jotzen du, humeroa gorputzaren aurrekalderantz eramanez eta sorbaldako biomekanikan eragin kaltegarriak eraginez.
    Zer uste dozue?

    ResponderEliminar
  2. Lehenik eta behin eskerrik asko zure iruzkinagatik!!!
    Egia da, pektoral handia eta txikiaren malgutasunak garrantzia duela. Baina, hau kontutan izan arren, zuk esaten dituzun arrazoiengatik, baina kontutan izan behar dugu, Sarhmannek dioen bezela muskulu trapezioaren goranzko zuntzak. Sarhmanek bere lanean azaltzen du malgutasun falta edo zurruntasun erlatiboa (rigidez relativa). Zer da lehenago edo zein da garrantzitsuagoa malgutasuna edo zurruntasuna. Sarhmann entzun eta gero berak garrantzi handia ematen dio zurruntasunari.
    Beste alde batetik, zuk aipatutako malgutasuna, Busquet-en muskulu kateetan ikusi dezakegu. Baina galdera orokor bat dut: Zenbatetan luzatu dugu muskulu bat eta ez dugu ezer lortu, hurrengoko saioan berriz berdin etorri da??? Hau gertatu ez gero, ez da motore kontrol arazo bat eta hor Sarhmann-en teorian pentsatu beharko genuke??
    Pentsatzeko beste zerbait adibidez Katu puntuak (puntos gatillo edo Trigger Points)?
    Beno ia zelan doazen hurrengoko sarrerak!!!
    Eskerrik asko berriz ere Iker zure iruzkinagatik!!!

    ResponderEliminar
  3. Kaixo bikote!

    Lehenik eta behin, Zorionak Loitzun! Gogotsu hartu dezula ikusten det! Oso interesgarria Sharmannen ikuspuntua. Nik egia esateko, naihago dut emakume honek duen ikuspuntua hitz egiten ari garen loturan. Malgutasunak noski duela garrantzia, baina maizago aurkitzen ditut motore kontrol arazoak (batez ere, eskapulan).

    Eta makilarekin jotzeko eskatzen zenigunez, hemen nere makil jokoa, jeje! Gainera, nere iruzkinean horri buruz hitz egiteko asmoa daukat, ea zer iruditzen zaizuen.

    Loitzun, miaketari buruz idazten duzunean, onartuak diren hainbat "test klasiko" aipatzen dituzu. Nere galdera hurrengoa da, test hauek lesioa non dagoen aislatzeko ahalmena dutela uste duzue? Ez duzue uste, supraespinosoa (edo edozein) aztertzen ari garenean beste guztiak ezinbestean ere aztertzen ari garela? Badira ikerketa batzuk, non test hauen balioa zalantzan jartzen den:
    http://bjsm.bmj.com/content/42/2/80.full.pdf+html
    http://www.archives-pmr.org/article/S0003-9993%2811%2900795-7/abstract

    Eta beste batzuek zuzenean, test hauek lesioa ze estrukturatan dagoen jakiteko ezintasuna adierazten dute:
    http://ajp.physiotherapy.asn.au/AJP/54-3/AustJPhysiotherv54i3Hughes.pdf

    Baliteke sorbaldako tendinopatia, beste era batetara aztertu behar izatea ikerketa hauei kasu egiten badiegu. Horri buruz saiatuko naiz nire iruzkinean hitz egiten, (ea gustoko dezuen) baina gustora irakurriko nuke zuen iritzia.

    Benetan diagnostiko zehatz bat emateko balio dutela uste duzue?

    Besarkada bat, bikote!
    Xabat.

    ResponderEliminar
  4. Loitzun Izaola15/1/13 9:57 p. m.

    Eskerrik asko Xabat zure iruzkinagatik!!
    Egia esan behar badizut horrelako erantzun bat espero nuen hasieratik. Badakit froga klasiko hauetariko batzuk ez dutela fiabilitate handirik. Eta Sarhmanen ikuspuntua asko gustatzen zait baina askotan zaila egiten zait dena bat egitea.
    Ez dut Sarhmannen lana aurkeztu, blog hau famili medikuena delako, eta lehenengo sarrera bezela informazio gehiegi izango litzateke. Baina zurekin guztiz ados nago.
    Egia esan, test klasiko hauekin ezin duzula estrukutura anatomiko bat aislatu eta txertatu. Hau horrela izanik, niretzako fisioterapeutok mugimendu testak aztertu beharko genituzke eta hortan maisua Sarhmann bera dugu (ezinbesteko irakurketa).
    Nik mugimendu testak eta hastapena eta muskuluen testak erabiltzen ditut nire egunerokoan.Horrek, nire esperientziak eta dakidan teoriak, Maitlanden Permeable Brick Wall famatua (adreiluzko horma iragazkorra)eratzen laguntzen nau.
    Orduan laburtzeko, testak azaldu ditut medikuen blog batean gaudelako, eta bestela astuna izango zen dena azaltzea (gutxika gutxika erakutsiko diegu zer den benetazko fisioterapia jajaja). Baina zurekin guztiz ados!!

    Eskerri asko berriz ere!!

    Loitzun

    ResponderEliminar
  5. Primeran Loitzun!

    Asko pozten nau zuk ere, arrazonamendu klinikoa oinarritzat hartzea. :-) Test hauek frogapen funtzional bezela primerakoak dira, baina diagnostikoa zehazteko badituzte beraien gabeziak.

    Benetazko fisioterapia poliki poliki erakusten joan behar gara. Guztiz ados!!

    Xabat.

    ResponderEliminar
  6. Iker Villanueva16/1/13 12:56 a. m.

    Eskerrik asko bioi azaldu dozuezan argudioengatik, benetan baliagarriak. Orain dela gutxi irakurri nebazan Xabatek aipatutako artikuluak, test hauen espezifikotasuna zalantzan jartzen dabezanak. Hala ere, kontsultan erabiltzen ditut lehenengo froga bezala, eta ondoren haztapena eta test muskularrekin burutzen dot nire diagnostikoa.
    Sarhmann eta Maitland autoreei buruzko irakurketarik ez dodanez egin, entzule (irakurle) paperean sartuko naz, ikasteko asmotan. Nire egoera berean zaudetenontzat hau topatu dot:

    http://www2.unicen.edu.bo/ofyk/wp-content/uploads/2011/06/Diagn%C3%B3stico-y-Tratamiento-de-las-Alteraciones-del-Movimiento-Shirley-Sahrmann_parte1.pdf

    http://www2.unicen.edu.bo/ofyk/wp-content/uploads/2011/06/Diagn%C3%B3stico-y-Tratamiento-de-las-Alteraciones-del-Movimiento-Shirley-Sahrmann_parte2.pdf

    Hemen dekozue Sahrmann-en liburua irakurtzeko aukera.

    Iker

    ResponderEliminar
  7. Egunon!

    Orain dela pare bat urte, Sevillako kongresu batetan, Sharmann bera ezagutzeko aukera eduki nuen. Fisioterapiari buruzko entziklopedia bizi bat. Bere lana benetan da interesgarria. Baina Loitzunek dion bezela, bere metodologia ez da erraza. Dirudiena baina zailagoa da.

    Ez dakit badakizuen, baina lehenengo liburu horri, orain dela gutxi argitaratutako batek jarraitzen dio. Hori bai, ingelesez. Nahi izanez gero, eskatu besterik ez duzue eta pasako dizuet.

    Animo Iker liburuarekin.

    Xa1.

    ResponderEliminar
  8. Egun On!

    Gaiarekin jarraitzeko prest.

    Lehen eta behin, aipamen bat egin nahi nuke froga diagnostikoen erabilerari buruz, izan ere, osasun-zientzietan erabiltzen ditugun froga askoren fidagarritasuna ez da erabatekoa, bereziki aztergai ditugun fenomenoak aldakorrak baitira.

    Gainera, orokorrean egunero erabiltzen ditugun diagnostikorako frogak, bai miaketa fisikoan eta bai teknologiaz baliaturikoak (ekografia, erresonantzia...) euren fidagarritasuna ez da erabatekoa. Izan ere, froga diagnostikoen ebaluazioa egiteko ikerketek urrezko patroi edo gold standard bat erabiltzen dute konparatzaile gisa, eta azken hau inperfektua (nahiz eta fidagarrienetzat hartu) da ere. Agian hau beste egun baterako gaia litzateke.

    Sorbaldako tendinopatiaren (Tendinitis kontzeptua baztertzen hasiko naiz) azterketa fisikoan erabiltzen diren frogei dagokienez, egia da euren fidagarritasuna (sentsibilitate eta espezifikotasun bezala neurtuta) ez direla oso altuak, baina honek ez du esan nahi baliagarriak ez direnik.
    Xabat-ek aipatutako artikuluak, metaanalisi bi dira, non froga hauek ebaluatu dituzten ikerketa ezberdinak biltzen dituzten. Nik ere gai honi buruz Familia mediku batek egindako errebisio aipatu nahi nuke:

    http://www.amf-semfyc.com/web/article_ver.php?id=73

    Orokorrean, froga guzti hauek espezifikotasuna baino sentsibilitate altuagoa dute, nahiz eta aldakorra izan ikerketa ezberdinen arabera. (Pazienteen gaitzaren larritasuna eta ikertzaileen aldakortasuna dira mota honetako ikerketen oztopo metodologiko nagusiak)

    Hala ere, aurretik aipatu dudan artikulu honetan proposatzen denarekin bat eginez, eta orokorrean eguneoko kontsultan egiten dugun lan diagnostikoarekin bezala, froga ezberdinen batuketa proposatzen da. Egia da froga bakarrak ez duela fidagarritasun handirik, baina hainbat batu ezkero, eta gainera pazientearen adina eta beste ezaugarriak kontutan hartuta diagnostikora heltzeko (edo behintzat hainbat diagnostiko aukera baztertzeko, hau ere oso garrantzitsua) aukera izango dugu.

    Amaitzeko, uste dut funtsezkoa dela erabiltzen ditugun froga ezberdinen fidagarritasuna ezagutzea, berez duten balioa emateko (ez gehiagorik) eta beraz, jakin behar dugu sorbaldako tendinopatiaren froga diagnostiko hauek bere mugak dituztela, baina hala ere, erabilgarriak izan daitezkela.

    Sharmann ezagutzeko gogoekin, eskerrik asko Iker berau hurbiltzeagaitik.

    Agur.

    ResponderEliminar
  9. Loitzun Izaola16/1/13 10:59 a. m.

    Egun on!!
    Xabat eta Mikelekin bat nator. Goian aurretik azaldu bezela, frogak isolaturik ez du fidagarritasunik horregatik sarreran haztapena (horren fidagarritasuna ere kolokan dago) eta muskulu testak sartzen ditut. Gero pazienteak galdeketan kontatzen didana, berriz bat nator Maitlandek proposatzen duen Brick Wall-arekin.
    Honen harira esan behar dut, test neurodinamikoa berez ez dizu ezer azaltzen, testak interpretatu behar dira eta test positibo batek neurodinamikan ez du esan nahi nerbioa gaizki dagonik.

    Sarhamannen kontua beste gauza bat da, udan Balentziara etorri zen kurtso bat ematera 4 egunetakoa. Han egon nintzen (bere liburua sinatu zidan jajaja) eta egia esan oso zaila da berak ikusten duena ulertzea. Bere begiak nahi nituzke niretzako!!!Iker "kontuz" liburuarekin, erdarako itzulpena nahiko eskasa da. Bigarrena, ingeleraz dagona zati batzuk irakurri ditut. Baina ANIMO!!!

    Ondo ibili!!!

    ResponderEliminar

 

BAGA BIGA BLOG! Copyright © 2011 | Template design by O Pregador | Powered by Blogger Templates